Eüskararentako egünaldi oso berezia eta ederra agitü zen, igaran arramaiatzaren 25ean, Maule-Lextarren. Aro eder batek lagüntürik, Xiberoko herri nausiak egünhartan berean bi gertakari zinez aipagarri bizitü zütüan. Jean-Baptiste ‘Battittu’ COYOS mauletarraren eüskaltzain kargü-hartzea, bata ; eta Xiberoan Eüskaraz Bai batarzünak plantatü Eüskararen Egüna, bestea. Bi gertakari horik üztartürik izan ziren, Euskaltzaindiaren eta Xiberoan Eüskaraz Baiekoen nahiküntez, eta hainbat hobe izan da eüskararentako.
Goizanko 10:00etarik haste, Eüskal Herriko gainti güzietarik jinik ziren eüskaltzainer batzarri egin zeien Mauleko Herriko Etxean. Honki jin egite hortarik landa, eüskaltzainek eta kümitek Maule Baitha zinetegialako bide llabürra hoinez egin züen, Xiberoko Zohardiako soinülari eta dantzariek zoinen ejerki lagüntürik. Ondotik hasi zen Battittu COYOSen kargü-hartze ospaldia, hau gelala sartü zelarik Xiberoko beste bi eüskaltzain diren Jean-Louis DAVANTek eta Txomin PEILLENek lagüntürik. Kargü-hartze ospaldia hasi zen Andres URRUTIA eüskaltzainbürüaren eta Michel ETCHEBEST Mauleko aüzapezaren perediküekila. Michel ETCHEBESTena eüskaraz ere izan zela aipatzekoa da, segür aspaldi beitzen Maule-Lextarren ez zela aüzapez eüskaldünik izan.
Battittu COYOSek xiberotar plañez egin züan bere sartze perediküaren geia izan da « Eüskararen bi dikotomiak » eta hari ihardeste gisa Txomin PEILLENek egin mintza ldiaren pasta izan zen, aldiz, « Mintzo haren o horeagatik ». Bi hitzaldi eder horien osotarzünez irakurtea da orotako hoberena, hortarako aski delarik EUSKALTZAINDIAren internet güneala joaitea : http://www.euskaltzaindia.net . Erran dezagün, halere, Battittu COYOSek xeheki aipatü dütüan bi dikotomia horik direla, bata, eüskaldün « berrien » eta « zaharren » artekoa, eta bestea, aldiz, euskara batuaren eta eüskalkien artekoa. Battittu COYOSi ez zaio batere xüxena – haboroziz züzena – üdüritzen « eüskaldün berrien » eretzeko berezdürarik egitea. Bere perediküko erranaldi bat beraren aipatzeko, etsenplü hau eman du : « Ikastolako gazte eüskaldün horik, berri ala zahar dira ? » (…). Gogozkatzeko pasta emaiten düan galtoa !…
Euskara batua eta eüskalkiak ez direla bata-besteari epantxügei jarri behar argi üzteko, berriz, COYOSek, ondoko hitz hauk erran dütü, besteak beste : « [Euskara batua] tresna bat da alkar konprenitzeko (…) ; « Haütüa sinple da, euskara batua ala eüskararik ez. Bestelan, beste eüskalkiak oro ikasi beharko güntüke. Hori ezinezko da, dialektologa edo eüskaltzale errabiatü elibatentako salbü »(…).
Txomin PEILLENen arrapostü emaitetik landa, Robert LABORDE biarnesak Joan Maria GRANGÉren Estanguet a casa (Pausaldia etxen) testoa irakurri züan, Maddi OIHENART kantariak Kirmen URIBEk izkiribatü Hizkuntza bat olerkia kantüz eman züan, Jean-Christian IRIGOIEN ‘Galtxetaburu’-k hontü ahaireareki. Azkenik, Ibai CAPOT-THORNARY eta Johañe SARRAILLET koblakari gazteek bertsoak eman zütüen, Maule-Baitha zinetegian bildürik zirenak Mauleko Herriko Etxe aitzineala trago baten hartzera arrajin artino, beti ere Xiberoko Zohardiako soinülariek eta dantzariek lagüntürik.
Eüskararen Egünak arrakasta handia
Trago hartze hori agitü zeneko, Herriko Etxearen bisan-bisean den Kürütxe Xurieko edo Lextarreko plazan bazterrak harrotzen hasirik ziren. Xiberoan Eüskaraz Bai egünaldian parteliant izan diren alkarteen erakuts-mahainak jadanik plantan ziren, Xiberoko Zohardiak perestatü oihal-aterbü baten pean. Bazkariarentako mahainak ere hortxe herrokatürik ziren. Bazkariala plantatü beno lehen, haatik, honenbeste bat peredikü emanik izan ziren, mintzazale bakoitxak Eüskararen Egün horrez bere ikusteko manera eman züalarik. Hala, mikroaren aitzineala agertü ziren : Andres URRUTIA eüskaltzainbürüa, Battittu COYOS eüskaltzain berria, Frantxoa MAITIA Euskararen Erakunde Publikoko bürüa, Michel ETXEBEST Maule-Lextarreko aüzapeza, eta Allande SOCARROS Xiberoa-Herri Alkargoako ‘Eüskara / Kültüra’ batzordebürüa.
Bazkarietik landa, honenbeste animazione herrokatü ziren, geroago eta jente haboro agertü zelarik Lextarreko plazala. Hala, botü lüze pelota jokü zahar-zaharraren erakutsaldi batetarik landa, Allande ETXART Xiberoan Eüskaraz Bai batarzüneko bürüak izkiribatü düan Mintzatü nahi niz bai kantorea flashmob manerala dantzatü züen dozenaka jentek, haurrek, gazteek eta gehitüek botin. Eüskararen Egün hortako memento hunkigarrienatarik bat izan zen flashmob hori berritan ere eman züen. Azkenik, soinülariek lagüntürik, Mauleko karriken üngürü batekila ürrentü zen Xiberoan Eüskaraz Bai egün eder eta arrakastatsü hori. Arrakasta handikoa eta bihotz altxagarria, bai… bena denen eginbeharrekoa da – eta lehen-lehenik eüskaraz dakienena – eüskara ez dadin egün batetakoa bera izan, bai egünoroztakoa.