Ameriketan eüskaldünak, José Mendiague pastorala Arrokiagan, üztailaren 29an eta agorrilaren 5ean
- Xehetasunak
Aspaldixkan jakinarazirik izan zen bezala, Ameriketan eüskaldünak, José Mendiague pastorala emanen dü Arrokiagako herriak, üztaila honen 29an eta agorrilaren 5ean. Herri hontako seme Johañe Bordachar kantari ezagünak dü trajeria horren geia lantü eta izkiribüz ezarri.
Bena nor ote zen José Mendiague hau, egiaren erraiteko heintto bat ezezagüna dena Eüskal Herrian ? Alduden (Baxenabarre) sortü zen 1845eko apirilaren 27an eta Montevideon (Uruguai) hil 1937ko setemeraren12an. Egia erran, Alduden sortü bazen ere, Hazparnen igaran züan bere haurzaroa eta gazte denbora, aitetamekila batean Argentinalat desterritü egin zen arte, 18 urte zütüalarik.
Herroak Ipar Eüskal Herrian ükenik ere, Hegoameriketan da zabaltü José Mendiagueren fama... eta nola zabaltü ere. Argentinan eta Txilen bizi izan bazen ere bere familiareki, Uruguain zen gehienik ohatü, herrialde hontan izan zütüan ofizioen artean aipagarriena izan zelarik tabako fabrika baten nausia izatea.
Haatik, Hegoameriketan lan sailean kausitze horrez kanpo, José Mendiagueri ospe handia ekarri deiona da eüskal kültürari etxekidüra azkarra agertzea eta honi ekarpen aberatsak egitea. Ororen gainetik, olerkari, koblakari eta kantore hontzale joria izan zen. Hegoameriketako eüskaldünentako inportantzia handikoa izan da José Mendiague, eüskal izatearekilako eta eüskaltzalegoerekilako etxekidüren hazteko batez ere.
Eüskal Herrian – Ipar nahiz Hegoan –, aldiz, ezezagüna baratü da lüzaz José Mendiague eta Piarres Charritton eüskaltzainari zor diogü ahazdüratik elkitzea, 1992. urtean agerrarazi züan libürüari esker. Obra hontan, José Mendiagueren idazlanak oro argialatü zütüan Piarres Charrittonek eta bada hortzaz handizki eskertzeko.
Eüskaldünen desterritzeaz pastoral baten egiteko asmüarekila personaje aipagarri baten txerkatzen irauntsi züalarik, José Mendiaguez berri hartü züan Jean Bordacharrek eta segidan gogoko üken züan, « Eüskal Herria ez beitü seküla ahatze eta eüskaldüntarzüna biziarazi eta hazi nahi üken beitü ». Gisa horrez dü pastoral bat hontü nahi izan eta boztario handia bizitü dü bere sorterriak – Arrokiagak, hots – emaitea honartü düalarik.
Maskaradak : jentartea irauztearen eta arrapizte aroaren agerrarazle
- Xehetasunak
Maskaraden ikustera joaiten diren jente haboroxeek, erri eginarazteko ikusgarri bat eta dantza agerraldi bat bezala ikusten düe.
Haatik, maskaraden funtsa ez da hori. Ihaute elibat dira lehen-lehenik eta horien ezagügarri eta erranahiak badütüe, nausiki biga : jendartearen antoladüra, ebildüra eta herrenküdüra (hierarkia) irauztea ; negü beltzaren loalditik landa, jente, kabale eta bazterren arrapitzarazle den bedatseala igaraitea.
Leheneko denboretan, Xiberoko maskaradak zotal egünetan agitü ohi ziren. Zotal egünak dira, ontsalaz, ekiaren eta argizagiaren egünarien artean ments diren 12 egünak. Oraiko egünariaren arabera, zotal egün horik abentüaren 26a eta urtarilaren 6a artean lirate. Bi denboraren arteko jünta hortan, jendartearen ohizko plantaren eta ebilteko maneraren irauztea haizü ümen zen. Horrek erran nahi dü jente xeheak poteredün eta jaunkilloter trüfa egin leikiola eta, bestordüz, egünoroztako bizian baztertürik eta gütietsirik bizi den jente kentea ausart leiteala harrotzera. Jentarteko arauen irauzte horren seinale dira maskaradetako kauterak eta buhameak plazalat agertzea eta beren barrasbaskerieki eta peredikü egite nabasieki mündü ontsa antolatüaren okerreriak salatzea. Azkenean, erraiten ahal lizate maskaradak direla, parte batetan pürü, bi mündüren bürüz bürü agitzea.
Maskaradek badüe, ihaute güziek bezala, beste erranahi bat ere : jente, kabale eta bazterren arrapiztea negüko loalditik elkitzean. Ihauteen ikerzale eta jakitün direnen arabera, Pitxuren hiltze eta arrapiztea eta Hartzak üzker egitea – Hartza ez bada maskarada ororetan agertzen ere – arrazpiztearen zentzü hori badüe.
Ikertze egile zonbaiten ustez ere maskaradetako beste parte elibatek – eta bereziki zamaltzainaren xikitatzeak – basatarzün izate batetik jentetarzün planta batetara igaraitea markatzen dü.
Maskaraden bai beste ihaute süerteen ezagügarri bat da ere laborari jentartearen kültürako pastak direla ; egünko egünean desagertü den edo hanitx kanbiatü edo kanbiatzen ari den mündü baten oritarazleak eta arrabiziarazleak ere, azkenean.
: Xiberoko maskaraden zentzüaz ikertze interesgarri bat ediren daite lotüra hontan : http://ericdicharry.hautetfort.com/archive/2007/12/27/du-rite-au-rire-le-discours-des-mascarades-souletines-these11.html
Maule-Lextarre eüskaraz beztitü zen egüna
- Xehetasunak
Eüskararentako egünaldi oso berezia eta ederra agitü zen, igaran arramaiatzaren 25ean, Maule-Lextarren. Aro eder batek lagüntürik, Xiberoko herri nausiak egünhartan berean bi gertakari zinez aipagarri bizitü zütüan. Jean-Baptiste ‘Battittu’ COYOS mauletarraren eüskaltzain kargü-hartzea, bata ; eta Xiberoan Eüskaraz Bai batarzünak plantatü Eüskararen Egüna, bestea. Bi gertakari horik üztartürik izan ziren, Euskaltzaindiaren eta Xiberoan Eüskaraz Baiekoen nahiküntez, eta hainbat hobe izan da eüskararentako.
Goizanko 10:00etarik haste, Eüskal Herriko gainti güzietarik jinik ziren eüskaltzainer batzarri egin zeien Mauleko Herriko Etxean. Honki jin egite hortarik landa, eüskaltzainek eta kümitek Maule Baitha zinetegialako bide llabürra hoinez egin züen, Xiberoko Zohardiako soinülari eta dantzariek zoinen ejerki lagüntürik. Ondotik hasi zen Battittu COYOSen kargü-hartze ospaldia, hau gelala sartü zelarik Xiberoko beste bi eüskaltzain diren Jean-Louis DAVANTek eta Txomin PEILLENek lagüntürik. Kargü-hartze ospaldia hasi zen Andres URRUTIA eüskaltzainbürüaren eta Michel ETCHEBEST Mauleko aüzapezaren perediküekila. Michel ETCHEBESTena eüskaraz ere izan zela aipatzekoa da, segür aspaldi beitzen Maule-Lextarren ez zela aüzapez eüskaldünik izan.
Battittu COYOSek xiberotar plañez egin züan bere sartze perediküaren geia izan da « Eüskararen bi dikotomiak » eta hari ihardeste gisa Txomin PEILLENek egin mintza ldiaren pasta izan zen, aldiz, « Mintzo haren o horeagatik ». Bi hitzaldi eder horien osotarzünez irakurtea da orotako hoberena, hortarako aski delarik EUSKALTZAINDIAren internet güneala joaitea : http://www.euskaltzaindia.net . Erran dezagün, halere, Battittu COYOSek xeheki aipatü dütüan bi dikotomia horik direla, bata, eüskaldün « berrien » eta « zaharren » artekoa, eta bestea, aldiz, euskara batuaren eta eüskalkien artekoa. Battittu COYOSi ez zaio batere xüxena – haboroziz züzena – üdüritzen « eüskaldün berrien » eretzeko berezdürarik egitea. Bere perediküko erranaldi bat beraren aipatzeko, etsenplü hau eman du : « Ikastolako gazte eüskaldün horik, berri ala zahar dira ? » (…). Gogozkatzeko pasta emaiten düan galtoa !…
Euskara batua eta eüskalkiak ez direla bata-besteari epantxügei jarri behar argi üzteko, berriz, COYOSek, ondoko hitz hauk erran dütü, besteak beste : « [Euskara batua] tresna bat da alkar konprenitzeko (…) ; « Haütüa sinple da, euskara batua ala eüskararik ez. Bestelan, beste eüskalkiak oro ikasi beharko güntüke. Hori ezinezko da, dialektologa edo eüskaltzale errabiatü elibatentako salbü »(…).
Txomin PEILLENen arrapostü emaitetik landa, Robert LABORDE biarnesak Joan Maria GRANGÉren Estanguet a casa (Pausaldia etxen) testoa irakurri züan, Maddi OIHENART kantariak Kirmen URIBEk izkiribatü Hizkuntza bat olerkia kantüz eman züan, Jean-Christian IRIGOIEN ‘Galtxetaburu’-k hontü ahaireareki. Azkenik, Ibai CAPOT-THORNARY eta Johañe SARRAILLET koblakari gazteek bertsoak eman zütüen, Maule-Baitha zinetegian bildürik zirenak Mauleko Herriko Etxe aitzineala trago baten hartzera arrajin artino, beti ere Xiberoko Zohardiako soinülariek eta dantzariek lagüntürik.
Eüskararen Egünak arrakasta handia
Trago hartze hori agitü zeneko, Herriko Etxearen bisan-bisean den Kürütxe Xurieko edo Lextarreko plazan bazterrak harrotzen hasirik ziren. Xiberoan Eüskaraz Bai egünaldian parteliant izan diren alkarteen erakuts-mahainak jadanik plantan ziren, Xiberoko Zohardiak perestatü oihal-aterbü baten pean. Bazkariarentako mahainak ere hortxe herrokatürik ziren. Bazkariala plantatü beno lehen, haatik, honenbeste bat peredikü emanik izan ziren, mintzazale bakoitxak Eüskararen Egün horrez bere ikusteko manera eman züalarik. Hala, mikroaren aitzineala agertü ziren : Andres URRUTIA eüskaltzainbürüa, Battittu COYOS eüskaltzain berria, Frantxoa MAITIA Euskararen Erakunde Publikoko bürüa, Michel ETXEBEST Maule-Lextarreko aüzapeza, eta Allande SOCARROS Xiberoa-Herri Alkargoako ‘Eüskara / Kültüra’ batzordebürüa.
Bazkarietik landa, honenbeste animazione herrokatü ziren, geroago eta jente haboro agertü zelarik Lextarreko plazala. Hala, botü lüze pelota jokü zahar-zaharraren erakutsaldi batetarik landa, Allande ETXART Xiberoan Eüskaraz Bai batarzüneko bürüak izkiribatü düan Mintzatü nahi niz bai kantorea flashmob manerala dantzatü züen dozenaka jentek, haurrek, gazteek eta gehitüek botin. Eüskararen Egün hortako memento hunkigarrienatarik bat izan zen flashmob hori berritan ere eman züen. Azkenik, soinülariek lagüntürik, Mauleko karriken üngürü batekila ürrentü zen Xiberoan Eüskaraz Bai egün eder eta arrakastatsü hori. Arrakasta handikoa eta bihotz altxagarria, bai… bena denen eginbeharrekoa da – eta lehen-lehenik eüskaraz dakienena – eüskara ez dadin egün batetakoa bera izan, bai egünoroztakoa.
"Aita artzain zen" libürüa agertü da
- Xehetasunak
Urte berri honaren emaitearekila batean, hona gitzaizüe jakinaraztera SÜ AZIAko kide den Jean-Pierra 'Panpeia' ETXEBARNEk Xiberoko eüskaralat ezarri düan 'Aita artzain zen' libürüa agertü dela.
Robert LAXALTek 1957an izkiribatü züan 'Sweet promised land' obra famatüa, frantsesez agertü da berritan - azken aldian 2009. urtean - 'Mon père était berger' titülüarekila, eta berritan euskara batuaz, bena ez eta behin ere xiberotarrez. Alta, Robert LAXALTek libürü hortan aipü düan Dominique LAXALT - Ameriketetara artzain joan zena – xiberotarra zen, Liginaga-Astüen sortürik. Panpeia ETXEBARNEk egin lanak hütsüne hori bete dü.
Xiberotar eüskaraz den libürü hori bildü nahi badüzüe, 20 eurotan salgei edirenen düzüe honenbeste lekütan: Mauleko 'Herri Ekoizpenak' salgian, Sohütako 'Intermarché' salgüne handian, bai eta 'Irrintzina' prentsa salgian ere, Baionako 'Elkar Megadendan', besteak beste.
SÜ AZIAko egongiala ere jiten ahal zira xüxenka erostera - Mauleko Hondarearen Etxearen alde gaineko partean jarririk gira - eta, gisa horrez, zurekila mintzatzeko atsegina badükegü.
'Aita artzain zen' libürüari eginen deiozüen batzarri honaz oraidanik eskertzez, har itzazue, berriz ere urte berri hona emaiteaz gain, gure goraintzi eüskaldünenak.