Inprimatu

ordiap«Kültüra bat bizi leitea, bere hizkuntza gabe ?»… hori zen, Urdiñarben, 21. urtearentako plantatü den Müsikaren Egüneko eztabadakaren mintzageia, igaran maiatzaren 15ean. Prefosta, eztabadaka hortan parteliant ziren bost lagünek ihardetsi düe… ezetz, kültüra bat ez leiteala bizi, herri baten mintzoa galtzen bada ! Bazena ote beste arrapostü emaiterik ?
Bere mintzajea galdü düen herrialde edo lürralde batetan egon leite bai, antzerki, dantza edo kantari agerraldirik… bena hizkuntzaren egarzolarik gabe den basa kültüra horrek folklorea dü izena.
Eztabadaka horren parteliantek edo beha egon zaitzen lagün zonbaitek erran üken dütüenen artean erranik izan da ere Ipar Eüskal Herrian ez dela ihontik ere elebitarzünik, eüskarak eta frantsesak ez beitütüe hüllanik ere legezko ber eskübide eta ahalak ; eüskara, eskoletan – edo xüxenago erraiteko, ikastola eta gaü eskoletan, eta kasik horietan bera –  baliatzen den zerbait egiten ari dela, jentartean, aldiz, baztertürik delarik ; eüskal kültürako ikusgarrietan, hala nola pastoraletan, ez ote denez ordü erraiteko eüskaraz ari direner bera mügatü behar dela parte hartzea…
Ikusmolde agertze eta ohar egite interesgarri hanitx entzün da eztabadaka hartan. Eüskararen oraiaren eta geroaren alte zer egin behar den gogozkatzeko eta lanean aritzeko pastarik eman düala esperantxa üken dezagün.